Bizum e-commerce saltokietan erosteko erabili ahal izango da
Gaur egun, herritar askok ezagutzen eta erabiltzen dute Bizum aplikazioa, partikularren artean telefonoaren bitartez diru-mugimenduak berehala egiteko aukera ematen duena. Plataforma hori guztira 26 banku erakundek osatzen dute.
Marketing4ecommerce.net webguneko azalpenaren arabera, telefono zenbakia eta banku-kontu bat lortzea da egin behar den gauza bakarra. Aplikazioak arrakasta handia lortu du, eta 4 milioi erabiltzaile ditu dagoeneko. Horiek 36 milioi transakzio baino gehiago egin dituzte.
Orain, Bizum eCommerce aplikazioak Bizum-en aukerak gehitu ditu, eta erabiltzaileek saltoki elektronikoetan ordainketak egiteko erabili ahal izango dute.
Ordainketa sistema hau erabiltzeko aukera ematen duten saltokietako batzuk dira, marketing4ecommerce.net webgunearen arabera, Destinia, LogiTravel, Iberdrola eta Mammoth, besteak beste, eta laster beste batzuk gehituko dira (Alsa, Yelmo Cines, Energy Sistem, ActivaClub eta Balearia).
Segurua da Bizum eCommerce?
Sistema berriaren bidez ordainketak egitea Bizum erabiltzea bezain segurua da. Izan ere, aplikazio horren azpiegituratik bertatik egingo da ordainketa. Telefono zenbaki bat eta Bizum gakoa, 4 digituko kode bat, eskatuko dizkizu. Ondoren, banku-erakundeak datuen baliozkotasuna baieztatuko du eta erabilera bakarreko gako bat bidaliko dizu (OTP). Horrekin, erosketa amaitu ahal izango duzu.
Saltokiei eskaintzen dien erraztasuna da alderdi interesgarrietako bat, online salerosketei lotutako kudeaketak azkartzen baititu. Adibide bat jartzearren, itzulketa bat kudeatu nahi izanez gero, kreditu-txartelaren bidez egin beharrean, bezeroaren kontua erabili ahal izango du zuzenean.
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://euscommerce.eus/