Zer ezarri behar dut nire saltokiak TicketBAI sistemaren eskakizunak bete ditzan?

Fakturazio-software homologatua

Image

TicketBAI softwarea, edo software bermatzailea, programa informatiko bat da, eta:

  • Merkatuan eskuratu ahal izango da, beste edozein programa bezala.
  • TicketBAI sistemaren arau-eskakizunak eta baldintza teknikoak bete behar ditu.
  • Nahitaez inskribatuta egongo da, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, administrazio bakoitzaren TicketBAI fakturazio-softwarea garatzen duten erakundeen erregistroan.

Dagoeneko fakturazio-programa bat baldin baduzu:

  • Zure hornitzailearekin baieztatu beharko duzu TicketBAI sistemara egokituta dagoen edo egongo den. Hala ere, beti egiaztatu ahal izango duzu hori Erregistroan.
  • Egokituta badago, zure hornitzailearekin aztertu beharko duzu zure informazio guztia zure egungo programatik fitxategi batera esportatzeko aukera, informazio hori programa berritik inportatu ahal izateko.

Fakturazio-softwarea hautatzerakoan, baloratu honako alderdi hauek, besteak beste:

  • Zure negozioaren kudeaketan lagunduko dizuten funtzionalitateak jaso ditzala.
  • Zure online dendarekin (baldin badaukazu) integratzeko aukera.
  • Zure instalazioetan edo hodeian instalatuta egotea.

TicketBAI sistemaren baldintzak betez fakturak jaulkitzea errazteko, ogasunek doan erabiltzeko web-aplikazio batzuk garatu dituzte:

Era berean, ef4ktur doako softwareak aukera emango dizu TicketBAI sistemaren araberako fakturak jaulkitzeko.

Fakturazio-gailua

Image

Zure saltokiak gailu hauetakoren bat(zuk) izan beharko d(it)u: saltokiko terminalak (ST), ordenagailu pertsonalak, vending-makina aurreratuak, balantza aurreratuak, tabletak, smartphoneak… Horiek aukera eman behar dizute TicketBAI fakturazio-softwarean sartzeko.

Ziurtagiri digitala

Image

TicketBAI araudia betetzeko, nahitaezkoa da ziurtagiri digital bat instalatuta edukitzea tiketak/fakturak jaulkitzen dituzten gailu guztietan.

Ziurtagiri hori sortutako TicketBAI fitxategia sinatzeko eta dagokion ogasunera bidaltzeko erabiltzen da.

5 ziurtagiri mota hauek erabil ditzakezu:

  • Pertsona fisikoaren ziurtagiri kualifikatuak.
  • Erakundearen ordezkariaren ziurtagiri kualifikatuak.
  • Erakundearen zigilu-ziurtagiriak.
  • Gailuaren ziurtagiriak.
  • Autonomoaren ziurtagiria.

Zuk zeuk, zure kudeatzailek edo TicketBAI fakturazio-sistemaren hornitzaileak eska dezakezue ziurtagiria berori ematen duten erakundeetako edozeinetan (IZENPE, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala, Camerfirma...).

2021ean, gailuaren eta autonomoen ziurtagiriak doan izango dira IZENPEn.

Interneterako konexioa

Image

Salmenta bakoitzarekin, sortutako TicketBAI fitxategia bidali behar duzu zure ogasunera. Horretarako, ezinbestekoa duzu Interneterako konexioa izatea.

Garrantzitsuena ez da konexioa azkarra izatea, egonkorra izatea baizik.

Online salmenta

Zure online dendak jaulkitzen dituen fakturak ere TicketBAI sistemara egokitu beharko dira.

Online salmentagune propioa baduzu, zure hornitzailearekin baloratu beharko dituzun 3 agertoki posible daude:

  • Zure online denda zure fakturazio-softwarearekin sinkronizatuta egotea eta software horrek sortzea faktura, eta ez zure online dendak.
  • Online dendaren fakturazioa desaktibatzea eta, eskaerak tramitatzean, fakturak eskuz jaulkitzea zure TicketBAI fakturazio-sistemarekin.
  • Zure online denda konektatzea TicketBAI formatuarekin bat datozen fakturak sortuko dituen fakturazio-modulu batera.

MarketPlace edo hirugarrenen web baten bidez saltzen baduzu:

  • Fakturaren jaulkitzailea MarketPlace-a bada, horrek araudia bete beharko du eta zuri ez dizu eragingo.
  • Fakturaren jaulkitzailea zu bazara, baina MarketPlace-ak faktura TicketBAI sistemara egokitzen ez badizu, geroago, zure sistema edo aplikaziotik, fiskalki baliozkoa izango den faktura jaulki eta hartzaileari (azken bezeroari) bidali beharko diozu, horrela TicketBAI betebeharra betetzeko.

Ezarpen-kostuak

Zure saltokiaren beharretara hobekien egokitzen den soluzioa merkatuan eskuratzeko kostua alda daiteke enpresaren aurretiko egoera digitalaren arabera.

Hasiera batean, kostua baxuagoa izango da beren fakturazio-programara egokitzea besterik behar ez dutenentzat. Hala ere, gaur egun fakturaziorako ekipamendu informatikorik ez duten saltokientzat edo egokitu ezin daitekeen bestelako ekipamendurik dutenentzat (kutxa erregistratzaileak, balantzak, etab.), kostua handiagoa izango da.