Erabilgarriak dira kalitatezko ziurtagiriak saltoki elektronikoetan?
Jendeak gero eta konfiantza handiagoa duen arren, oraindik badago Internet bidez erostera ausartzen ez denik. Beste beldurretako bat, erabat ulergarria, produktua erosi aurretik ikusteko ezintasuna da. Izan ere, Internet bidez erostean, itsu-itsuan egiten dugula esan daiteke.
Horregatik, kalitatezko ziurtagiriak bezero potentzialen artean konfiantza eragiteko elementua izan daitezke. Duela gutxi empresaactual.com webgunean argitaratutako artikulu baten arabera, halako ziurtagiriak eskaintzen dituzten kanpo erakundeek hainbat elementu hartzen dituzte kontuan: bezeroen iritzien azterketa edota saltokiari buruzko auditoretza zehatzak, kasu.
Ziurtagiri horien helburua, oro har, online dendan sartzen direnei konfiantza handiagoa ematea den arren, mota askotakoak aurki daitezke.
Informazioaren araberakoa
Bereizgarri horietako askok bermatzen dute saltokiek merkataritza elektronikoko jardunbide egokien kodeak betetzen dituztela. Hala ere, badaude alderdi espezifikoagoak aztertzen dituztenak. Adibidez, badaude agiriak jarduerak datuak babesteko legeak betetzen dituela egiaztatzeko edo segurtasun teknologiko maila ziurtatzeko.
Aipatutako artikuluaren arabera, Zibersegurtasuneko Espainiako Institutuak zazpi irizpide ezarri ditu. Ziurtagiri gehienak bakarrari buruzkoak dira, baina erakunde ziurtatzaile nagusiek gutxienez bi bermatzen dituzte. Adibide batzuk dira Norton Secured, Trusted Shops, Confianza Online, eVALOR, AENOR e-comercio edota iCERT ziurtagiriak.
Bereizgarriei eta haien ezaugarriei buruzko informazio gehiago izateko, irakurri artikulu osoa.
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://euscommerce.eus/