"Bideo honetako produktuak": YouTuberen utilitate berria
Bideoa merkataritza elektronikorako ahalmen handiko formatua dela bagenekien guztiek. Horregatik, gaurkoan YouTuberi erreparatuko diogu, e-commercerako gune oso interesgarria ari baita bihurtzen.
Bistan denez, aipatu plataforma oso tresna erabilgarria da saltokiek euren produktuen berezitasunak erakusteko bideoak argitara ditzaten. Gainera, ezarian-ezarian, YouTuberen utilitateak gero eta gehiago dira. Aukera horietako bat, marketing4ecommerce.net atarian orain gutxi argitaratu den artikulu batean nabarmendu denez, plataforma garatzen ari den "Bideo honetako produktuak" funtzioa da.
Aukera horrek zuzen-zuzenean egingo dio mesede erabiltzaile batek ikusi berri duen bideoan ageri diren produktuen salmentari. Esaterako, demagun reflex kameren modelo batzuei buruzko bideo bat ikusi dugula. Informazioa jasota, balizko erosleek aipatu produktua eskaintzen duten online dendak topatzeko bilatzaile batera joko dugu. YouTubek, aipatu funtzioarekin, erosleek urrats hori egin beharrik ez izatea du asmo.
Klik bakarrean
Adibide horri gagozkiola, YouTubek bideoan bertan adieraziko du zein diren produktu horiek –oraingoz AEBtan bakarrik egiten ari da proba–, eta, klik bakar batekin, online erosi ahalko ditugu.
Horretarako, erosketa-ikonoak erakutsiko ditu –oraindik ere jakiteko dago zer-nola erakutsiko dituen–, ziur aski, bideoan bertan gainjarrita. Esan dugun moduan, oraindik ere proba-fasean dago utilitate hori, baina ahalik eta lasterren erabilgarri egotea da asmoa. Zalantzarik gabe, eragin handia izango du erosleen online erosketa-dinamiketan.
Utilitate horri buruzko xehetasun gehiago jakitera animatzen zaituztegu: hona artikulu osoa.
By accepting you will be accessing a service provided by a third-party external to https://euscommerce.eus/